Manomanista erreskatatzen

21 / 06 / 2012 (Berria)

Buruz buruko txapelketaren oihartzuna eta ikusleak erakartzeko ahalmena asko apaldu da azken urteetan. Aditu eta pilotariek hainbat arrazoi ikusten dituzte, besteak beste, pilota biziegiak, egutegia eta, nola ez, krisia.

Historia liburuetan ageri den txapelketa da. Benetako txapeldun titulua ezarri, eta urte osoan gorriz jokatzeko eskubidea ematen duena. Bi pilotari eta 38 metro luzeko jokalekua. Pilotaren mistika ezin da ulertu buruz burukoa gabe. Halere, ez ditu garai onak bizi. Lau t"erdikoak edo binakakoak baino jende gutxiago biltzen du harmailetan, eta oihartzun txikiago du gizartean.